HIRUKATILU. JAKI-TAILERRA. PROIEKTUA.
Urnieta, 2017
Aitzol Zugastirekin, sukaldaria eta aholkulari gastronomikoa, elkarlanean garatutako proiektua.
Jaki-tailerra proiektu berritzailea da. Aholkularitza gastronomikoa pauso bat harago eramanez, tailertxo bat planteatzen da. Ideia handi honen hasiera eraikin txiki batean planteatzen da. Espazio txiki honek, hortaz, moldagarria behar du.
Jaki-tailerrak bere baitan erabilera ezberdinak izango ditu: Sukalde-laborategia + ikastaroak edo erakustaldiak + bezeroei egindako aurkezpenak + aula teorikoa + proiekzio-gela + praktika-gela + dastaketa-gunea + produktu edo menuen aurkezpenak.
Begetazioz inguratutako partzelara goiko aldetik iristen gara eta sarrera markatzen duten bi haritzen artetik pasatzen garen arte ez dugu ongi ulertzen lurraldean non gauden: Goiburu auzoan gaude, Xoxokako kaxkoan, Urnietako bailararen gainaldean, Gipuzkoako lurraldea hain ongi irakurtzen den puntu horietako batean. Bisitariari ikuspegi eder hau oparitu nahi zaio iristen den bakoitzean.
Landa-eremuan kokatutako proiektua izaki, ingurunearekin kamuflatzen den eraikina pentsatu da. Ildo horretan, Xoxokako errepidetik ez dugu eraikina ikusiko partzelaren perimetroan dagoen eta mantenduko den zuhaitz-hesiari esker; Urnieta aldetik, berriz, erabilitako materialak direla-eta, paisaian difuminatu egingo da. Eraikina kortxozko plakekin jantziko da eta teilatu begetala jarriko zaio.
Eraikina eskortzoan agertuko zaigu iritsieran. Gorputz solido eta teilategal horizontalen itzalpean agertzen diren hutsuneen arteko konbinazio gisa ulertuko dugu.
Abstraktutasuna bilatu da, pabiloi tankerako eraikina, arkitektura domestikoaren itxura ekidinez.
Proiektuaren muina sukaldea da eta bere inguruan artikulatuko dira gainontzeko espazioak: atxikirik espazio multifuntzionala, altzarien bidez jarduera batera zein besterako transformatuko dena (tailer, aula, harrera-leku...). Kanpoaldean, sukaldearen luzapen gisa, parrilla. Eta atzealdean gune pribatuak (despentsa, hozkailuak, garbitokia, instalazioak, bainugela eta bulegoa).
Berritzailea izateko asmoarekin sortutako sukaldaritza-proiektua, derrigorrean, arkitektura-kontzeptu berritzailez eraikiko da. Bide horretan, jasangarritasuna edo energia-efizientzia sorrerako ideiak dira.
Arkitektura bioklimatikoa planteatu da, non errendimendu altuko sistemak erabiltzen diren arren, batez ere beharrak murriztean egiten den saiakera handiena. Eraikin pasiboei dagozkien teknikak erabiliko dira: isolamenduari berebiziko garrantzia ematen zaio, hermetizidadea landuko da, inertzia termikoa bilatzen da (eguzki edo berogailuaren bidez lortutako beroa ordu batzuetan mantentzeko), eguzkiztapena kontrolatzen da (neguan jasotzeko eta udan kanpoan uzteko), giroko hezetasun eta tenperatura maila egokiekin konfort higrotermikoa bermatzen da, aireztapen gurutzatua lortzeko moduak ematen dira...
Gainera material iraunkor, natural, osansungarri eta bertakoak lehenetsiko dira: kortxozko panelekin egindako azala, teilatu begetala, zurezko arotziak, tratamendu naturalak...
Laburtuz: tradiziotik ikasitako ideiak kontzeptu berritzaileenekin elkartuko dira. Aitzolek bere sukaldaritza erakutsi digun moduan.