CASA RURAL IZAL
CASA RURAL EN AL CASERÍO IRAZABALAUNDI
Bergara, 2014-2016
Bergara, 2014-2016
Etxejabeen hitzetan, honako hau "bizi-proiektu bat izan da" eraikuntza-proiektutik harago: kaletik landa-eremura joan bizitzera eta bizimodu hori jende gehiagorekin partekatu. Irazabalaundi baserriaren birgaitze osoa gauzatu da, bertan etxejabeen bizilekua eta alokatzeko lau apartamentu atonduz.
Naturara itzultzeko ideia honekin bat datoz proiektuan erabili ditugun hainbat kontzeptu: baserriaren esentzia, bioeraikuntza, xarma, eraikuntza-sistema tradizionalak, argiztapen naturala, kanpoko espazioen garrantzia, geobiologia eta geometria naturala, efizientzia energetikoa, ...
Egungo erabilerara eta eskakizunetara egokitzeko sakoneko eskuhartzea egin behar izan da (lehengo ukuilu eta ganbarak etxebizitza erabilera dute, zonalde pribatu eta publikoak bereizi behar izan dira, argiztapen nahiz aireztapen beharrak handitu egin dira, konfort higrotermikoa bermatu da), beti baserriaren esentzia mantentzeko eta indartzeko asmoarekin.
Barrualdeko distribuzio berria jatorrizkoan oinarritu da, elementu nagusien balioa azpimarratu nahian. Sarrera publikoa hegoaldeko fatxadako ataritik egiten da (nekazal-etxeko arreta-gunea gaur egun) eta barrualdera errekuperatutako harrizko arkuen ondotik sartzen da. Jatorrizko pasillo zabal honen erabilera aberasteko, birgaitutako labearen ahoa honantz ireki eta lanerako zonalde bat prestatu da.
Fatxadetako leiho-zulo berriak baserri tradizionalen itxura mantenduz ireki dira, erritmoa eta zulo bertikalak bilatuz. Lehenengo solairuan lurretik teilaturaino iristen diren leihoak ireki dira barrualdera ahalik eta argi gehien sartzeko kanpotik leiho "arrunten" itxura mantentzen den heinean.
Egitura-sistema tradizionala mantendu da. Fatxadetako eta medianerako harrizko karga-hormen gainean, egurrezko forjatu arina berreraiki da. Horretarako, forjatua desmontatu eta puzzle baten moduan, ondo kontserbatutako haritzezko piezekin ekialdeko zatia osatu da. Mendebaldeko parterako aldiz, apartamentu turistikoei dagokien parterako, abetozko pieza berriak ekarri dira.
Materialei dagokienez, iraunkorrak, jasangarriak, kalitatezkoak, transpiragarriak eta osasungarriak bilatu dira: egurra eta harria egituran,kortxozko eta egur-zuntzezko isolamenduak, kare-morteroa, gaztainezko leihoak emisibitate baxuko beirekin, haritzezko tarima, granitozko adokina…
Baserri zaharrak gaur egungo etxebizitza estandarretara egokitzeko eskuhartze garrantzitsuenetakoa isolamendu termikoa izan ohi da. Irazabalaundin bi egoera aurkitu ditugu eta bi soluzio ezberdin eman zaizkio. Ekialde eta hegoaldean, jatorrizko etxebizitza kokatzen zen lekuan, harrizko horma landuagoak aurkitu genituen mendebalde eta iparraldean baino. Eguraldiak bortitzago astintzen duen fatxada hauek garai bateko ukuiluari zegozkion eta harri kaxkarragoz eraikiak zeuden. Kanpoko faktoreei hobeto erantzuteko, mendebalde eta iparraldea kanpotik isolatu dira, kare-morteroarekin amaiera emanez. Hegoalde eta ekialdea, berriz, barrutik isolatu dira, kanporantz harri ikusia eta jatorrizko berezitasunak berreskuratuz. Teilatuko egitura mantendu egin bada ere, kanpotik kortxozko isolamendua gehitu zaio eta teila berria jarri da.
Efizientzia energetikoarekin jarraituz, biomasa jarri da bero-sortzaile moduan. Familiaren sukaldean ekonomika jarri da eta instalakuntza-gelan egur-enbor eta pellet-ekin funtzionatzen duen galdara.
Instalazio elektrikoari eta honen trazatuari arreta berezia jarri zaio eremu elektromagnetikoak sor ez daitezen, eta sortuz gero, erabiltzaileen deskantsuan eragin ez dezaten. Instalazio biobateragarria egin da. Berezitasunak aipatzearren, logela bakoitzari Bioswitch bat jarri zaio kontsumorik ez dagoenean eremurik ere ez izateko eta banaketako tabikeen azpiegitura metalikoa lur-hargunera konektatu da sor litezkeen eremu elektromagnetikoak disipatzeko.
Etxejabeekin izan genituen lehen bileratan trabatua zegoen proiektu bat erakutsi ziguten. Proiektu hura bideragarri egiteko, adostutako aldaketak planteatu genituen. Elkarlanean, proiektua errealitate bihurtu ahal izan dugu!